XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Herri Kirolak
Perurena nagusitu Tolosako zezen plazan.

Iñaki Perurenak, joan den igandean, Tolosako zezen plazan, bi joko irabazi zituela esan liteke.

Hamazazpi arroa pasatxoko (213 kilo) harri zilindrikoan 28 jasoaldi eman zizkion hamar minutuko hiru txandatan, esku bakarraz.

Honelako harri txarrak bi eskuz jasotzeko gauza direnak oso gutxi dira.

Esku bakarraz jaso duen lehenbizikoa leitzarra izan da.

Harrigarria da benetan gizon honen indarra! Marka horretaz aparte, Aretxa IIa bizkaitarra ere menderatu egin zuen.

Honek, 12 arroako kubikoa (150 kilo), besteak baino hiru aldiz gehiagotan jaso behar zuen apustua irabaztekotan.

Ezin izan zuen; zazpi jasoaldirengatik galdu zuen.

Ehun mila pezeta jokatu zituzten.

Jokoa hamabiak eta laurdenetan hasi zen.

Harria jasotzeko giro polita, nahiz eta eguzkiak nahiko gogor jotzen zuen.

Ikusle jendea, uste zen baino gutxiago: bostehun hortxe-hortxe.

Jokoa hasi aurretik 1.000-300i Aretxaren alde.

Lanean hastea Perurenari egokitu zitzaion.

Lehenbiziko txandan ezetz hamar aldiz, eta guztitara ezetz 26 aldiz.

Korredoreen bullak laster bukatu ziren harria erraz jasotzen zuela ikusi zutenean.

Lehenbiziko 10 minututan, hamar jasoaldi.

Aretxa lanean hasi eta ederki, baina Perurenari irabazteko 30 aldiz jaso beharko zukeen harria; 28 aldiz jaso zuten.

Dirua Perurenaren alde 1.000-250i. Bigarren txandan, Perurena mantxoxeago hasi zen.

Bederatzi aldiz jaso zuen harria.

Bizkaitarrak zer egingo ote zuen zai-zai jendea.

Berdinduko ote zuen bigarrengoan?.

Hogeita sei aldiz jaso zuen.

Orduantxe ikusi zen garbi nor izango zen irabazle.

Hirugarren txandan, nafarrak berriro bederatzi aldiz jaso zuen.

Txalo bere jo zion ikusle jendeak, ongi merezita gainera.

Hogeita hiru aldiz jaso zuen harria Aretxak hirugarren txandan.

Jendeak hau ere txalotu zuen.

Ahaleginak egin zituen eta lana bukatu arte ez zuen amore eman.

Nahiz eta galduko zuela jakin, azken momentura arte lanean harria jasotzen.

Hori gustatzen zaio ikusleari.

Denbora eta markak.

Iñaki Perurenak: 23 urte, 116 kilo, aita eta Olano erakusle.

Lehenbiziko txandan, 10; bigarrenean, 9; hirugarrenean, 9.

Guztitara, 28 jasoaldi.

Jasoaldien denbora: 1''; 1'12''; 2'16''; 3'21''; 4'24''; 5'28''; 6'33''; 7'34''; 8'37'' eta 9'45''.

Aretxa IIa: 26 urte, 92 kilo, Aretxa Ia erakusle.

Lehenbiziko txandan, 28; bigarrenean, 26; hirugarrenean, 23.

Guztitara, 77 jasoaldi.

Jasoaldien denbora: lehenbiziko minutuan 3 jasoaldi; bigarrenean, 2; hirugarrenean, 3; laugarrenean, 2; bosgarrenean, 3; seigarrenean, 2; zazpigarrenean, 3; zortzigarrenean, 2; bederatzigarrenean, 3; hamargarrenean, 5.